XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

aa) Nire iritzian, zenbait erosketen edo zenbait gehikuntzen izaera pribatiboa adierazten duten manamenduek, denek ez daukate fundamentu berdina:

adibidez, diru komunarekin ezkontideetako baten terreno propioan eraiki denaren izaera pribatiboa mantentzea, akzesio-printzipioaren berresate bat da, eta ez du suposatzen inolako salbuespenik 1.361 art.ko komunitate-presuntzioarentzat:

aldiz, kontsortzio-fondoekin atzera-eskuratze legezkoaren bidez erositakoaren izaera esklusiboa, atzera-eskuratzeak daukan helburu sozialaren bidez justifikatzen da,

eta nolanahi ere salbuespen bat suposatzen du 1.361 art.ko aipatu presuntzioarentzat, bada gauza berri bat erosten da eduki komunaren kontura, harpidetza lehenespenezko harpidetza-eskubidearekin ere gertatzen den bezalaxe eta, tamaina batean, geroratutako prezioa eduki harekin ordaintzen denean ere bai.

Azkeneko kasu hauetan ere ez da jalkitzen zuzenean, tokatzen diren manamenduetatik, lehentasunez erosteko eskubidearen titularra edo prezio geroratuaren zordunak eskubiderik daukatenik, komunitateari galdatzeko, aurrera ditzala atzera-eskurapena edo paguak egiteko behar diren fondoak.

Manamendu horiek ezartzen dute diru ganantziala tartean dela erosi den gauzaren izaera pribatiboa; batzuetan aurre-xedatu egiten dute, obligazioa dagoela aplikatutako eskudirua itzultzeko, baina hortik ez dira pasatzen.

Atzera-eskuratzearen titular edo zordunak aurrerakin hori galdatu ahal izateko, argumentazio sendoagoa beharko litzateke, eta, egia esan, legea, puntu honetan, oso esanurria da.

Aitzitik, 1.382 art.ak argi uzten du, ezen ezkontide batek zerako kasutan bakarrik har dezakeela mailegutan diru komuna, alegia, bere lanbidea egikaritzeko edo bere ondasunen administrazio arrunta egiteko beharrezkoa duenean (bi kasuok ere erreta- eta fruitu-produzitzaile izaki);

Inoiz hala ere, nahiko arrazoizkoa ere izan daiteke fondo-eskatzea.

Adibidez, orube elkor baten gainean eraikuntza bat jaso nahi denean, gauza baita hori komunitateari irabazi handiak ekartzeko; edo kapital-gehikuntza bat baldintza abantailatsutan eta emankortasun handi batekin egiten denean; edo andreak ekarria eta familiaren bizileku den pisuaren prezioa zatika ordaindu nahi denean.

Diru-kopuru horiek ordaintzea ez da komunitatearen karga 1.362 art.aren zentzuan, eta horregatik itzuli behar ditu gero zordunak eduki sozialera, handik atera ziren eta:

kapital-zorrak dira, eta ez zordunaren ondasunen administrazio arruntarenak (agian horrela izango litzateke familiak okupatzen duen pisu pribatiboaren geroratutako prezioaren interes-zorra);

zor hauen erantzule, 1.362 art. eta hurrengoen eredura, egin zituen ezkontidea da, eta erantzule ere bere ondarearekin bakarrik.

Baina honelako kasuetan ekitatearen kontrakoa litzateke ezkontide zorduna bere ondaretik zorrak ordaintzera behartzea, agian finkak edo baloreak baldintza prekarioetan besterenduz, eskudiru pertsonalik ez daukalako, bere lanaren irabaziak eta bere ondasunak fondo komuna handitzera doazen bitartean.

Pentsatu ere egin liteke, orduan, ezen fondo ganantzialak ordainketa hori egiteko aplikatzea, senar-emazteen artean dagoen elkarri laguntzeko betebeharrak ordenatzen duela.

bb) Senarrak edo emazteak baliozki ordaindu dezakete beren izenean ageri den eskudiru ganantzialarekin, beren edozein erosketa, akzesio edo zor (1.384 art,),

baina inter partes, ondasun propioak eraikitzea edo ordainketak egitea beren xedeak eta izaerak justifikatu behar ditu, orain arte azaldu ditugun irizpideen arabera.

169. Ondasun-itzulerak eta errenboltsoak.

Kz.eko 1.361 art.ak daukan komunitate-presuntzioa gorabehera, eta beste horrenbeste gertatzen da legezko erregimenean komuntasuna onartzen duten ordenamendu gehienetan, motibo praktiko larriengatik, legearen asmoa ez da ezkontza-ondareen arteko desplazamenduak faboratzea, eta bai horien artean oreka bat mantentzea, zeina ez baita hautsi behar bataren probetxutan, eta ezkontideetako baten borondatez ere ez, eta nahigabe ondare baten balioa beste ondarera transferituz ere ez.

Oreka hori mantentzen laguntzen dute, ganantzialtasun-presuntziotik jariatzen den ondasunen komunikazio-joeraren kontra, lehenengo eta behin, ondare pribatiboak ondare komunera itzultzeak, eta alderantziz, zeintzuk ohiki kontsortzioaren bukaeran egiten baitute hori, eta tamaina mugatuago baina efikazago batean, subrogazio errealak ere bai, zeina kontsortzioak irauten duen bitartean egiten baita.